XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) irakurle estatubatuarrak badaki Prince Albert tabako marka baten izena dela, Schlitz garagardoa dela, crackerjack karameloz estalitako krispetak eta kakahueteak direla (dena batera, sorpresatxoa dakarren kutxa batean sarturik) eta egokitze kulturala eginez nik madalenak itzuli dudana (orij., muffins) zer nolakoak diren ere badaki (ez baitira zehatz-mehatz madalenen modukoak).

Horregatik, berriro diot, nahas-mahas poetiko honetatik, egokitze kulturalen, hizkera erreferentzialaren eta hizkuntza mediatiko-hondakinezkoaren beharraren bidegurutzetik, itzulpen egokia jalgi behar da.

Nik arazo lexikalak ekarriko ditut hona batik bat.

Sorburu hizkuntzan diren hitz batzuek euskaraz zuzeneko ordainik ez izan arren beste hitz batzuez deskriba ditzakegu.

Nik ere, herrialde bakoitzak (EEBBek eta Euskal Herriak, kasu honetan) bizi dituen baldintza berezien eraginez, itzulpen deskriptiboa egin izan dut hitz zenbaitekin.

Drunk tank, esate baterako, mozkor-gela itzuli dut.

Berez epaitegietako gela berezi bat da, eta mozkorraldia joan arte edukitzen zaituzte bertan, gero aske utziz.

Hortaz, drunk tank judge euskaratzerako orduan (mozkor-gelako epailea) irakurlearentzako oharren bat ere beharrezkoa da.

Beste batzuetan maileguetara jo behar izan dut, gorago crackerjack hitzarekin ikusi bezala (azalpenen bat ere beharrezkoa delarik);

gehienetan, baina, hurbileko situazioren bat deskribatzen duen zeinura jo dut.

Poema batek, adibidez, 2347 Duane du izenburu 19. Horixe da helbidea adierazteko era EEBBetan, zenbakia eta kalea, etxebizitzatan barik jende gehientsuena familibakarreko etxeetan bizi baita.

Egin dezakeguna da bere horretan laga (baina hango ohituren berri ez duenak ez luke apika ulertuko) edo nolabait kulturalki moldatu: Duane kalea, 2347 (gureagoa) edo irakurlea hango bizimoduaz ari garela ohar dadin, Duane kaleko 2347.

Asmo dut jarraian abezedarium antzeko bi agertzeko: batera, alde kulturalagatik arazoak ekarri dizkidaten zenbait hitzena; bestera, eguneroko hitz zein esamolde jakin batzuen itzulpenen inguruan jirabiraka ibiltzea eragin didatenena.

Ez ditut agertuko, besterik gabe, euskaraz eta ingelesez hedapen semantiko desberdinak dituzten egoerak 20. Horiek ere oso interesgarriak dira, jakina. Burura datozkit poemok itzultzen topatu ditudan aditz bi. Bata da to growl, bestea to pull out of somewhere. Lehengoa marruka/marru egin euskara daiteke, edo bestela marru haserreak egin (zuzenena, baina, letaginak erakutsiz marru haserrea egin edo antzeko zerbait da). Bigarrena zaldi lasterren hizkuntzari dagokio, baina ezker-eskuinetara begiratu gabe nonbaitetik arineketan irten berri den pertsona bati halaxe esaten dio Bukowskik poema batean; beraz, inondik trostan irten edo zaldiak lez atera euskara genezake. Zuzenena, berriz, hipodromoko zaldiak lez edo izan liteke hipodromoko hizkuntza bereziaz ari garela iradokitzeko (argi utzi al dugu, baina?). Nolanahi ere den, azken hori euskarak huts egiten duen gizarte karakterizazio baten adibide dugu., ezpada arbitrarioki eta arreta erakartzeko helburuaz (aitor dut) hizkuntza mediatiko-hondakinezkoa deitu dudan horri nola edo hala lotutakoak.

Ez dut egin nahi abezedarium bukowskianorik (horretarako beste ele eta esamolde batzuk aukera nitzakeen), ez eta ere glosariorik (nahiz eta horrelakoxeak apailatzea hagitzez interesgarria izan daitekeen (...)